2010/04/24

Post-testaren emaitzak (II)

La Caserako kanpaina berriari buruzko inkesta astebete zabalik egon ondoren, emaitzak aztertzeari ekingo diot.

Hasteko, esan beharra dago 46 pertsonek erantzun dutela inkestari (15 gizonezko eta 31 emakumezko). 46 horietatik, %91a 20 eta 24 urte bitartekoak dira eta gainontzeko %9a 14-19 edo 25-30 urteko gizabanakoak dira.

Lehenengo galdera, gaian apur bat kokatzeko, telebistaren kontsumoari buruzkoa da, spot publizitarioekin zerikusi handia duena. %65ak bi ordu edo gutxiago ikusten du telebista egunero, %28ak bi ordu baino gehiago eta bakarrik %4ak aitortzen du ez duela telebistarik ikusten. Datu hauetatik abiatuta, freskagarrien spotak gazteongan eragina duten ala ez jakin nahi izan dut. Inkestatuen %89ak edari mota hauen spot bat edo gehiago gogoratzen ditu eta zein marka iragartzen diren galdetzerakoan Coca Colaren nagusitasuna islatzen da. %77ak gogoratzen ditu freskagarri honen spotetako bat, Aquarius (%53) eta La Casera (%42) jarraian daudelarik.

'Pedazo invento La Casera' izena duen kanpaina berriaren irudi bat jarri dut 4. galderan eta spot hori ikusia duten galdetu dut. Erdiak (%50) baietz erantzun du eta beste erdiak (%50) ezetz, noski. Zein markari dagokion galderan %49ak La Caserakoa dela esan du. Aipatzekoa da %27ak Coca Colaren spot bat dela pentsatu dutela, beharbada erakutsitako irudi horretan agertzen den kartel zirriborrotsua zurigorria delako (Coca Colaren irudi korporatiboaren koloreak). Azpimarratzekoa da spotaren slogana zein den oso gutxik (%36) gogoratzen dutela eta emandako lau aukerak gutxienez batek klikatu duela.

La Caserako beste spotik ezagutzen duten ere jakin nahi izan dut eta hirutik batek bakarrik baiezkoa erantzun du. Horietako %60ari oraingo kanpaina aurrekoak baino gehiago gustatu zaiola esan duten bitartean, %22ak okerragoa dela uste du. Bestetik, spot berria eta aurreko spotak antzekoak direla %18ak erantzun du.

Amaitzeko, La Caseraren kontsumoa zer nolakoa den galdetu dut. %24ari bakarrik gustatzen zaio freskagarri hau eta %20ari guztiz ezezaguna zaio. Gainera, hamarretik zortzik ez dute inoiz kontsumitzen, eta bakarrik %6ak astean behin edo gehiagotan edaten du La Casera.

Inkesta honen emaitzekin atera daitekeen ondorio nagusia La Caseraren azkenengo kanpainak harrera ona izan duela gazteongan. Inkesta egin duten erdiak 'Pedazo invento La Casera'ko spota ikusi dute eta La Casera markari dagokiola ere %50ak erantzun du. Horrek ez du esan nahi ikusi duten guztiek marka ondo esan dutenik baina ez dago hurrun ere. Gainera, kanpainaren originaltasunak aurreko spotak zahar geratzea eragin du kanpaina berriak, hamarretik seik gogoko baitute kanpaina berria. Beste alde batetik, post-test honi esker ere, gazteok freskagarri hau ez dutela kontsumitzen argi geratu da. Nahiz eta %24ari gustatzen zaion, ia inork ez du kontsumitzen egunero ezta astean behin ere.

Bukatzeko, hona hemen post-testaren ariketa garatzeko erabili dudan kanpaina:

No hay comentarios:

Publicar un comentario